Eguneko baso-harrapariak maila demografiko eta biogeografikoan gutxien ezagutzen diren hegazti-taldeetako bat dira. Nahiz eta talde honetako espezie asko espezie mehatxatuen eskualdeetako, nazioko edo nazioarteko katalogoetan sartuta egon, askotan haien banaketa-eremua, populazio-tamaina eta populazio-joerak oso gutxi ezagutzen dira edo sarritan ez dira ezagutzen. Izan ere, kasu askotan espezie gutxi dira, edo populazio-dentsitate txikiak dituzte, ez dira beti erraz hautematen, eta epe luzerako hegazti arrunten monitorizazio-zentsoak ez dira egokiak.
Oro har, Euskadi ez dago errealitate horretatik kanpo. 2016-2020ko Euskadiko hegazti habiagileen atlasa egitean, egiaztatu ahal izan da hegazti talde horrentzat lurralde osoan dagoen informazioa eskasa dela. Ale ugaltzaileen presentziari buruz eskuragarri dauden datuak, kasu gehienetan, kasualak eta sakabanatuak dira, eta, beraz, ez dago espezie horiek lurraldean duten banaketari buruzko ezagutza zehatzik, ezta populazio-tamainari buruzko ezagutza zehatzik ere, jarraipena egiten zaien espezie jakin batzuetan izan ezik.
Hori dela eta, Aranzadi Zientzia Elkarteak Euskadiko Eguneko Baso-Harraparien Jarraipen Programa sortu du (aurrerantzean, ZAPELATZ programa). Programa honen helburu nagusia eguneko baso-harraparien zentso estandarizatuak egitea da, parametro hauek kalkulatzeko:
• Hautemateko probabilitatea.
• Agerpen-probabilitatea; hau da, espeziea presente dagoen laginketa-unitateen ehunekoa (5x5 km-ko UTM laukiak).
• Kolonizazio-, desagerpen-probabilitatea; hau da, espeziea agertzen edo desagertzen den laginketa-unitateen ehunekoa. Azken hori, berez, aldaketa-indize bat da espezie bakoitzaren banaketa-eremuan.
Programa berri honetara murgiltzera animatzen zaitugu, funtsezkoa baita Euskadin eguneko harraparien banaketari buruz dugun ezagutza hobetzeko. Protokoloa esteka honetan begiratu daiteke. Parte hartu nahi baduzu, jarri harremanetan Maite Laso koordinatzailearekin mlaso@aranzadi.eus helbidean.
Zure zain gaude! Aurkitu datozen hilabeteetan hegaztiak ikusteko beste modu bat. 6 orduko behaketarekin, modu erabakigarrian lagunduko duzu Euskadiko eguneko baso-harrapariei buruz gaur egun oraindik dugun ezagutza-eskasia betetzen. Ez ahaztu ezagutza hori beharrezkoa dela hegazti talde hau kontserbatzeko, horietako batzuk galzorian baitaude.
(-ek) bidalia Juan Arizaga
2021-12-23
avinews
BI EGUN BAKARRIK GELDITZEN DIRA ORNITHO EUSKADI-KO PARKE ETA LORATEGIETAKO II.NEGUKO ZENTSORAKO
Bi egun bakarrik gelditzen dira Ornitho Euskadi-ko parke eta lorategietako II. Neguko Zentsorako. Hau, 2021eko abenduaren 25etik 2022ko urtarrila 2ra bitartean (biak barne) izango da. Dena prest? Ohar garrantzitsu batzuk gogorarazi nahi dizkizugu:
Edozein parkeetan parte hartu dezakezu, baita zure lorategi, terraza edo balkoian. Azken kasu honetan, “Parte hartu” menuaren barruan “Lorategi bat gehitu” behar duzu.
Zerrenda osoak gomendatzen ditugu ustekabeko behaketen aldean. Nolanahi ere, ez ahaztu “Negua” proiektuaren laukitxoa aktibatzen.
Parke edo lorategi bakoitzeko gutxienez 15 minutuko zentsoa nahikoa da. Jakina, leku bat baino gehiago bisita dezakezu (edo berdina egun ezberdinetan) eta behatzaile bat baino gehiago egon daiteke leku berean (bakoitza bere zerrendarekin).
Parte hartzera animatzen zaitugu elkarlaneko zentso honetan. Jarraibide guztiak esteka honetan kontsultatu ditzazkezu.
2020ko zentsoen emaitzak esteka honetan kontsultatu daitezke.
Eguberri on eta datorren urterako gure desiorik onenak opa dizkizugu. Zentso zoriontsua izan dezazula!
Orniho Euskadi taldea.
(-ek) bidalia Maite Laso
2021-11-30
tipnews
HILABETEKO ERRONKA… ABENDUA.
‘Negua’ proiektua. Ornitho Euskadi-ko parke eta lorategietako hegaztien II. neguko zentsoa.
Abenduko erronka ‘Negua’ proiektuari bideratzen dugu. Proiektu hau 2020 urtean hasi zen eta parke eta lorategietako neguko hegaztiak zentsatzean datza.
Hegaztien neguko zentsoak oso baliagarriak dira ugalketa ez den aldian hegazti-populazioei buruzko hainbat parametro ezagutzeko, aldaketak banaketa geografikoan edo hauen ugaritasunean adibidez. Epe luzera, klima-aldaketak hegaztiengan duen eragina zehaztea ahalbidetzen dute, besteak beste. Tradizioz, neguko zentsoak eskandinaviar herrialdeetan egin ohi dira, hegazti jantokiak jartzen oso kultura sendotua baitago. Britainiarrek, adibidez, 1970etik daramate Garden Bird Feeding Survey egiten, hau da, milaka familiek beren etxebizitzetako lorategietan dituzten jantokietako hegaztiak zenbatzen dituzte. Estatu Batuetan, Great Backyard Bird Count da ekimen horietako bat, zentsu-protokoloekin eta antzeko helburuekin.
Euskadin, pixkanaka-pixkanaka, hegaztien behaketak gero eta jarraitzaile gehiago ditu, eta, ondorioz, gero eta gehiago dira zaletasun horretaz gozatzen duten pertsonak. Dena den, jantokiak jartzea eta horien jarraipena egitea ez dago oso zabaldua oraindik gure lurraldean. Neurri handi batean, gure lurraldea antolatzeko moduagatik ere izan daiteke hori. Azken finean, biztanle gehienak eraikin-blokeetako pisuetan bizi dira, eta jantokiak jartzeko aukerak oso txikiak, edo, askotan, aukerarik gabekoak dira. Beraz, inguruko beste herrialde batzuetako esperientziak berdintzen saia gaitezke, nahiz eta gure etxebizitzen errealitateak, hegaztiak jantokietan zenbatzearen arrakasta erlatiboki txikia izatea ekar dezakeen. Hiri handiei erreparatzen badiegu behintzat, horiek baitira, bestalde, euskal biztanleriaren kopuru handiena hartzen dutenak. Zorionez, parke eta lorategi sare zabala dugu eta guztiok, neurri handiago edo txikiagoan, lorategi eremu bat dugu gure etxebizitzatik 500 metro baino gutxiagora.
Neguko hegaztien zentsoak egiteak duen balioaz jabetuta, proiektu hau proposatzen dugu abenduko erronkarako.
2020ko proiektuaren emaitzak esteka honetan kontsultatu daitezke.
NOLA PARTE HARTU?
Jarraibideak.
1) Aukeratu zein lorategi edo lorategiak, parke edo parkeak zentsatu nahi dituzun. Lorategi pribatuen kasuan, gure lorategi-moduluaren bitartez alta eman beharko diezu oraindik egin ez baduzu. Honi buruz informazio gehiago nahi izanez gero, hurrengo estekan aurki dezakezu. Bestela, zure behaketak parke edo lorategi publiko horrekin erlazionatzeko ziurtatu puntu hori bat dagoela. Puntu horia ez badago, bidali mezu bat alta emateko (ornitho@aranzadi.eus).
2) Zentsoaren egunean eta orduan, behatzen duzunaren zerrenda oso bat egin, behaketak, 'Negua' proiektuarekin lotuz. Horrelako zerrendak nola egiten diren zalantzarik baduzu, begiratu gure tutorialak esteka honetan.
3) Zentsoak 2021eko abenduaren 25etik 2022ko urtarrila 2ra bitartean (biak barne) egingo dira. Zentsoak 15 minutuko iraupena izango du gutxienez, eta parke handienetarako beharrezko iruditzen zaigun denborara luzatuko da. Posible bada, goizeko lehen orduan egingo dira (egunsentitik 4 ordu) edo arratsaldeko azken orduan (ilunabarra baino 2 ordu lehenago). Egun horietan zehar parke bat behin baino gehiagotan zentsatu daiteke.
4) Zentso eguna baino lehen, ingurua bisitatzea gomendatzen dizugu, inguruarekin eta bertan egon daitezkeen espezieekin ohitzen joateko. Datu guztiak baliagarriak eta interesgarriak dira, bai parke handi bat bisitatzen baduzu edo lorategi txiki batean edo terrazan ikusten duzuna kontatzen badiguzu.
Ikusten duzunez, parte hartzea oso erraza da. Anima zaitez.
(-ek) bidalia Maite Laso
2021-11-8
avinews
EUSKADIKO HEGAZTI ARRAROEI BURUZKO 2020KO TXOSTENA ARGITARATU DA.
Munibe aldizkarian argitaratu da Euskadiko hegazti arraroei buruzko 2020 urteko txostena. Dokumentua esteka honen bidez deskargatu daiteke.
Bide batez, gogorarazi nahi dizugu orain arte argitaratutako txosten guztiak 'Euskadiko Ornitologia Batzordea' atalean kontsultatu ditzazkezula, atariaren edukien menuan, esteka honetan.
Beste behin ere, eskerrak eman nahi dizkizuegu Ornitho Euskadiren bitartez zuen behaketak jasotzen dituzuen erabiltzaile guztiei. Horri esker, gure lurraldean aurkitutako hegazti urrienen informazio ona izan dezakegu. Guztion lankidetzarekin, Euskadin Ornitologia sendo eta kalitatezkoa eraikitzen laguntzen dugu. Gogorarazi nahi dugu, gainera, behaketen homologazioa etengabeko prozesua dela eta etengabe berrikusten dela. Edozein arrazoirengatik behaketa bat homologatu ez bada, beti dago aukera hori berrikusteko.
Besterik gabe, Euskadiko Ezohiko Behaketen Batzordearen izenean, agur bero bat.
Juan Arizaga
EEBB-ko idazkaria
(-ek) bidalia Maite Laso
2021-11-4
avinews
EMAN IZENA GIPUZKOAN GAUEKO MIGRAZIOA ANTZEMATEKO 'NOCMIG' PROIEKTUAN
Nocturnal Migration(NOCMIG) proiektua soinu-grabazioen bidez identifikatzen diren hegaztien gaueko migrazioa hautematera bideratutako ekimena da. Gaur egun, Europan badira jada hainbat estazio, hegaztien igarotzea gauez kuantifikatzen dutenak kontinente osoan zehar. Epe luzera, entzuketa-puntuen sare sendo bat finkatzea da helburua, non lurraldearen zatirik handiena hartuko lukeena eta, horrela, hainbat espezieren migrazio-ibilbideak hobeto monitorizatzen lagunduko duena. NOCMIG herritar-zientzia proiektu bat da, eta, horren bidez, Europa osoko ehunka boluntarioek beren etxeetatik, protokolo estandarizatu batzuen bidez, lortzen dituzten grabazioen emaitzak ezagutarazten dituzte. Harrigarria da zenbat espeziek zeharkatzen dituzten gure gaueko zeruak migrazio-aldietan... Birigarro eta kurriloez harago, edozein espezie entzun daiteke
Estazio sare horren parte izateak duen balioaz eta gure lurralderako lor daitekeen informazio ugariaz jabetuta, Aranzadi Zientzia Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, 6 estazioko sarea zabalduko du Gipuzkoan zehar. Ondorioz, Gipuzkoan bizi diren Ornitho Euskadiko erabiltzaile guztiei dei egiten zaie, sare horretan parte hartu nahi dutenek interesa helaraz diezaguten. Azaro honetarako gure helburua metodologia prestatzea izango da eta, batez ere, estazioen kokalekuak aukeratzeko behar diren probak egitea.
Parte-hartzaileek hartu beharreko konpromisoak honako hauek izango dira:
Terraza edo balkoi bat izatea eremu urbanizatuan, gauez argia (argiztapena) duena, zarata-iturri sendoetatik urrun (edukiera handiko autobideak eta errepideak, ur-ibilguak...).
Grabagailua migrazio-garaian jartzeko prestasuna. Orain azaroan/abenduan egingo ditugu probak, baina 2022ko laginketa-aldi sendoak martxotik maiatzera eta uztaila-abuztutik azarora izango dira.
Ondoren, grabazioak berrikusi. Horretarako, parte-hartzaileen talde bat sortuko da, eta talde horretan esperientziak, zalantzak, grabazioak etabar partekatuko ditu. Gune berean interesa duten hainbat parte-hartzaile badaude, haien artean kolaboratu ahal izango dute grabazioak berrikusteko (adibidez, grabazio-gauak banatuko dira).
Proiektua gauzatzea Aranzadi Zientzia Elkarteko Ornitologia Sailak ezartzen dituen jarraibide eta protokoloen arabera.
Proiekturako Gipuzkoako guneak honako hauek dira:
Txingudi.
Debabarrena, kosta-lerroan. Edo, bestela, Zarautzetik Zumaiarako kostaldea.
Tolosaldea/Goierri.
Bergara ingurua.
Debagoiena/Urola Garaia.
Interesatuek mezu bat bidali beharko diote proiektuaren koordinatzaileari, Juan Arizagari, jarizaga@aranzadi.eus.
Proiektu sustagarri honen inguruan talde aparta osatzeko ilusioz, agur bero bat bidaltzen dizuegu,
Ornitho Euskadi taldea.
(-ek) bidalia Juan Arizaga
2021-11-3
tipnews
BIOBLITZ ORNITHO EUSKADIN 60 ESPEZIE BEHATU DIRA.
Urriaren 23an, larunbata, III. Ornitho Euskadi Bioblitza antolatu zen Bizkaiko Meatzaldean. Deialdi honetan egin ziren laginketak hegazti, anfibio, narrasti eta odonatuetan oinarritu ziren.
Eguna hotz eta garbi argitu zen. Batez besteko tenperatura 12ºC ingurukoa izan zen eta maximoa ez zen 20ºC-ra iritsi. Espezieei dagokienez, guztira 60 espezie hauteman ziren. Aipu guztien artean, beheko irudian ikus daitekeen eta eklosionatu berriak zeuden schreiber musker (Lacerta schreiberi) talde baten behaketa nabarmendu behar da.
Bioblitzaren xehetasun gehiago nahi izanez gero, ikus txostena esteka honetan edo Bioblitz-Txostenak atalean.
(-ek) bidalia Maite Laso
2021-11-2
tipnews
HILABETEKO ERRONKA… AZAROA.
Mendi-tuntuna.
Azaroko erronka mendi-tuntunari Prunella Collaris bideratzen dugu. Tuntun arrunta baino pixka bat handiagoa da, eta alboko eta sabeleko gorrixkagatik eta zinta meheak osatzen dituzten orban zuriengatik bereizten da. Gure gailurretako hegazti adierazgarria da eta neguan Euskadiko mendigune nagusiak okupatzeko joera du, tontor eta kordaletan zehar hedatzen da, ugalketa-garaian hertsiki okupatzen dituen eremuetatik haratago. Bertako espeziea bada ere, neguan altuera txikiagoko lekuetara joan ohi da.
Euskadin ugaltzaile moduan ale oso gutxi daude; mendilerro atlantikoetako eremu altu eta harritsuak hartzen ditu, hala nola Aralar, Aizkorri, Gorbeia, Udalaitz…inoiz ez 900m-tik behera. Bere populazio-tamaina ezezaguna da, baina hamarnaka bikote gutxi batzuetan zenbatesten da. Neguan espeziearen banaketa zehatza are gutxiago aztertu da. Urritik aurrera, mendi-tuntuna negu osoan zehar egongo diren eremuetan aurkitu daiteke dagoeneko. Horregatik, azaroa hilabete ona da hautematen saiatzeko. Mendiko hegaztia denez, oso sentikorra da klima-aldaketarekiko, eta, beraz, interes handia du zientzia eta kontserbazio mailan, neguan non agertzen den eta non ez jakitea. Aurreikuspenen arabera, gero eta arraroagoa izango da gure gailurretan ikustea…
Hau guztiagatik, eta aipamen gutxi ditugun eszenatoki batetik abiatuta, mendi-tuntunaren ahalik eta behaketa gehienen berri ematera animatzen zaitugu. Mendilerro handietatik kanpo geratzen diren mendiguneak izango dira, Aralar edo Aizkorri esaterako non espeziea urte guztian zehar dagoela jakina da, prospekziorako gune interesgarrienak. Balio berezia izango dute zerrenda osoei lotutako behaketek eta aztertze negatiboek (nahikoa da '0' bat jartzea aleen zenbaketan). Beti izango dira baliozkoak, nolanahi ere, ustekabezko aipamenak.
Orain arte bildutako aipamenen banaketa ikus dezakezu esteka honetan.
(-ek) bidalia Maite Laso
2021-10-26
avinews
SALGAI DAGO DONOSTIAKO HEGAZTI HABIAGILEEN ATLASA
Aranzadi Zientzia Elkarteak, Donostiako Udalarekin elkarlanean, Hegazti habiagileen atlasa argitaratu du. Liburu horretan, udalerrian ugaltzen diren hegazti-espezieen banaketari buruzko informazio eguneratu eta zehatza biltzen da.
Monografia honekin, lau urtean egindako lan bat ondu da, udalerrian aurrekaririk ez duena: landa-prospekzio sakon bat egin da, eta, ondoren, datuak aztertzeko eta idazteko lan zehatz bat.
Aranzadi eta Udalaz gain, hurrengo elkarteak parte hartu dute ere: Ugatza Ornitologia Elkartea (SOU), Espainiako Ornitologia Elkartea (SEO-Donostia), Itsas Enara Ornitologi Elkartea (IEOE), Club Vasco de Camping (CVC) eta Cristina-Enea Fundazioa (FCE).
Gogoratzen dugu atlasa burutzeko, Ornitho Euskadiko erabiltzaile ugarik jasotako milaka aipamen ere erabili direla. Ondorioz, eskerrak eman behar dizkiegu egindako ekarpenagatik.
Atlas hau Aranzadiren webgunearen bidez (online salmenta, erosketarako esteka) edo liburu-dendetan eros daiteke.
Zuen interesekoa izango delakoan jaso ezazu agur bero bat,
Ornitho Euskadi taldea
(-ek) bidalia Maite Laso
2021-10-20
tipnews
BIOBLITZ ORNITHO EUSKADI 2021: LARUNBAT HONETAN MEATZALDEAN ESPERO ZAITUGU.
Geroz eta gutxiago geratzen da 2021ko III. Bioblitz Ornitho Euskadi antolatzeko. Aurten, Bioblitza gure geografian naturalistek gutxi bisitatzen dute gunean egin nahi izan dugu. Larunbat goizean zehar hainbat adituk Biotopo Babestu honetako mota guztietako fauna behaketak biltzen lagunduko digute. Aukera ona izango da Euskadiko biodibertsitatearen ezagutzan laguntzeko eta animalien identifikazioan eta laginketaz gehiago ikasteko, adituen eskutik.
Informazio gehiago nahi izanez gero, sakatu estekahonetan.
Bertan ikusiko dugu elkar!
(-ek) bidalia Maite Laso
2021-10-5
tipnews
BIOBLITZ ORNITHO EUSKADI BERRIRO ANTOLATZEN DUGU URRIAK 23AN. ANIMATU PARTE HARTZERA!
2021eko Bioblitz Ornitho Euskadi edizioa Bizkaiko Meatzaldeako Biotopo Babestuan izango da. Urriaren 23an izango da, 09:00tatik 14:00etara.
Meatzaldeako Biotopo Babestua Bizkaiko mendebaldean dago. 900 hektarea baino gehiagoko azalera hartzen du eta populazio handiko hirietatik gertu egonda ere, naturzale gutxi ibiltzen dira eremu honetan eta, beraz, aipamen gutxi daude Biotopo honetarako. Testuinguru honetan, 2021eko Bioblitzaren helburua Biotopo Babestuan dauden espezieen aberastasuna eta haien banaketa espaziala hobeto ezagutzea da.
Oinarrizko estazio bat ezarriko da boluntarioen topaleku gisa eta laginketei hasiera emateko. Estazioa Ekoetxea Meatzaldean-Peñas Negras-en kokatuko da (La Arboleda errepidea, Muskiz 1,6km Ortuella). Iristeko Xehetasun gehiago nahi izanez gero, klikatu esteka honetan.
Bioblitz hau parte hartu nahi duten pertsona guztiei irekita dago, bai bere kabuz laginketak eginez bai laginketa gidatuetan parte hartuz. Orokorrean, Ornitho Euskadiko erabiltzaile guztiei dei egiten zaie urriaren 23an, larunbata, Meatzaldeako gunera joatea eta behaketak atarian sartzeko.
Talde taxonomiko ezberdinen laginketak goiz osoan zehar burutuko dira. Jarraian laginketa gidatuen ordutegia zehazten da:
09:00 - 10:30: Hegaztiak.
10:45 - 11:30: Ornitho Euskadi atariari buruzko hitzaldia.
12:00 - 14:00: Anfibioak, narrastiak eta odonatuak.
12:00 – 13:00: Hegaztiak. Familientzako tailerra.
Gidatutako laginketetan parte hartzeko aforoa mugatua denez, BIBE plataforma bidez eman behar da izena: www.bibe.me/ekitaldiak-aranzadi.
BIOBLITZ ORNITHO EUSKADIko informazioa guztia esteka honetan kontsultatu daiteke.