Bioblitz bat leku eta data zehatzetan elkarlanean egindako laginketa bat da, talde taxonomiko bat edo hainbatena. Beste era batean esanda, Bioblitz bat herritarren zientzian oinarritutako ekitaldi partehartzaile bat da, leku eta data zehatz batzuetan dauden espezie kopuru maximoa erregistratzea helburu duena.
Bioblitzen jatorria Ameriketako Estatu Batuen Parke Nazionalen Zerbitzuak izandako ekimen batean dago, 1996. urtean Washington D.C.-n egin zena. Bioblitz hartan, Kenilworth-eko Ur-Lorategietan antolatu zena, 1.000 espezie inguru erregistratu ziren. Geroztik asko dira mundu osoko hainbat hiri eta naturgunetan antolatu diren Bioblitzak. Hiri ezberdinetan eta eskala geografiko desberdinetan aldi berean Bioblitzak antolatzera bideratutako zenbait ekimen ere badaude.
Euskadin, orain arte, ez da inoiz Bioblitz bat burutu. Aranzadi Zientzia Elkarteak, lurralde honetako naturaren historiaren ezagutzan aitzindaria, urtero Bioblitz bat antolatuko du hemendik aurrera: Bioblitz Ornitho Euskadi.
Helburu zientifiko bat betetzeaz gain (leku batean dauden espezieen zerrenda osatzea), Bioblitz bat primerako tresna da formakuntza, ingurumen hezkuntza eta zientziaren sustapen alorretan.
|