HEMENDIK AURRERA HILDAKO EDO ZAURITUTAKO ANIMALIEN BEHAKETAK ERREGISTRATU DITZAKEZU
Hemendik aurrera hildako edo zauritutako animalien aipamenak sartzeko modulu bat eskuragarri jartzen dugu. Behaketak sartzeko formulario estandarrean topatuko duzu, "Beste datu/informazio batzuk" atalean. Behin aktibatuta, formularioan "Hurrengoa" botoia sakatuta, formulario berri bat irekiko zaizu aurkikuntzari dagozkion datuak sartzeko (aurkikuntza edo heriotzaren kausa eta baldintzak, etab.).
Modulu hau erabiltzean Euskadin faunaren heriotzaren kausen eta eremuen mapa bat sortzen lagunduko duzu, aldi berean puntu problematikoak identifikatzeko balioko duena. Puntu hauen identifikazioak berebiziko garrantzia izango du kausa ez-naturalengatik gertatutako faunaren heriotzak murrizte aldera neurriak hartu ahal izateko.
Berrikuntza hau zure gustukoa izatea espero dugu. Besterik gabe, agur bero bat bidaltzen dizugu,
www.ornitho.eus-eko taldea.
(-ek) bidalia Juan Arizaga
2018-03-1
avinews
2018: ARABAN ETA GIPUZKOAN ELKARLANEAN PIZIDOEN LAGINKETA BAT EGITEKO DEIALDIA
POCTEFA Habios piriniotar proiektuaren esparruan, jarduera bat garatzen ari da pizidoen banaketa geografikoaren gaineko ezagutza hobetzeko, Pirinioetako mendigunean eta inguruko sektoreetan «elkarlaneko laginketa» bat eginez. Horrenbestez, ugalketa garaian populazioen kokapena zehaztu nahi da eta, bide batez, beste egitasmo batzuei leku egitea, esaterako, Pirinioetako bi isurialdeetan atlas ornitologikoak eguneratzea.
Egitasmoa borondatez atxikitzen diren ornitologoen elkarlaneko ahalegin moduan planteatu da, 2017ko eta 2018ko denboraldietan beraien erregistroak emateko konpromisoarekin. Lehenengo urtean azterketaren esparruaren zati batean hartu ziren laginak, eta 2018ko udaberrian landa lanean jarraitu nahi da, gune berriak hartuz. Jasotako datuekin jendaurrean zabalduko den txosten bat egingo da. Euskadiri dagokionez, lanerako lurraldeak dira Araba eta Gipuzkoa. Parte hartzeko bi modalitate proposatzen dira:
Landa eremuan modu «oportunistan» lortutako aurkikuntzak jakinaraztea, pizidoen edozein espezieren gainekoak (baina bereziki eskatzen dira okil ertain eta okil beltzenak). Erregistroak gure plataformako formulario estandarraren bitartez igo behar dira www.ornitho.eus.
Bakarrik okil ertainarekin. Helburua da banaketa eremu nagusiaren periferiako sektoreak ebaluatzea. Landa laginketak egitea planteatzen da, metodologia jakin batekin, lan unitate jakin batzuetan (10x10 km-ko eta 1x1 km-ko UTM laukiak); horiek aukeratu dira garai bateko aipamenak daudelako, berretsi gabeko behaketak, edo ez dakigulako okil ertainaren presentzia «egonkorra» den. Behaketek prozesu estandarizatu bati jarrai behar diote, eta horretan sartzen da habitat potentzialetako entzute guneak egitea (hariztiak), 2018ko otsailetik apirilera. Modalitate honetan parte hartzeko interesa dutenak Txema Fernandezekin jarri daitezke harremanetan (jofernandez@hazi.eus), jarraibide zehatzak jasotzeko eta laginketaren unitateak banatzeko.
Eskerrik asko deialdiari erantzuteagatik.
Jarduera honetan partaide dira POCTEFA Habios, Arabako Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Hazi Fundazioa, Aranzadi Zientzia Elkartea, Itsas Enara Ornitologi Elkartea, Arabako Naturaren Arabako Natur Institutua, Nafarroako Gobernua, Aragoiko Gobernua, Centre Tecnològic Forestal de Catalunya, Conselh Generau d’Aran, Institut Catalá d’Ornitologia, LPO/BirdLife, Association des Naturalistes de l’Ariege, Office National des Fôrets eta www.ornitho.eus eta eBird plataformen kudeatzaileak.
(-ek) bidalia Juan Arizaga
2018-01-29
tipnews
MODULU BERRI BAT ZABALDU DUGU ZURE LORATEGI EDO JANTOKIKO AIPAMENAK SARTZEKO
Txoriak joaten diren lorategi, balkoi edo jantoki bat baldin baduzu, gehitu dugun modulu berria erabiltzea gomendatzen dizugu: Lorategiko hegaztiak.
Horretarako, "Parte hartu" menuaren barruan "Lorategiko hegaztiak" deituriko atal berri bat ikusiko duzu. Bertan, lorategi berriak erregistratu eta haiei loturiko aipamenak gehitu ahalko dituzu. Tresna ezin hobea da hegaztien behaketan hasiberriak direnentzat eta hegazti eta jantokien inguruko heziketa-ekimenetan erabiltzeko. Modulu honetan dagoen hegaztien zerrenda parke, lorategi eta jantokietan aurkitu ditzakegun espezie arruntenetara mugatuta dago.
Ekimen hau zure gustukoa izatea espero dugu. Zalantzaren bat izanez gero, jar zaitez gurekin harremanetan ornitho@aranzadi.eus-en bitartez.
www.ornitho.eus-eko taldea.
(-ek) bidalia Juan Arizaga
2018-01-18
tipnews
ORNITHO BERRIAK ALDIZKARIAREN ZENBAKI BERRIA HEMEN DA!
Ornitho Berriak seihilero argitaratzeko konpromisoarekin , 2. zenbakia eskuragarri dago, 2017ko azkeneko seihilekoari dagokiona. Kontsultatzera animatzen zaituztegu esteka honetan.
(-ek) bidalia Juan Arizaga
2018-01-17
tipnews
TALDE BERRI BAT IREKI DUGU: ORKIDEAK
Gure plataforman espezie talde berri bat ireki dugula jakinarazten dizuegu: orkideak. Hemendik aurrera, gure lurraldean dauden orkidea espezieen behaketak sartu ahalko dituzu. Espezie arraro eta zailenetan argazki bat atxikitzea gomendatzen dizuegu, batez ere espeziea identifikatzen laguntzen duten ezaugarriena. Gainera, espezie edo populazio oso sentsiblea bada, behaketa ezkutatzea gomendatzen dizuegu. Berritasun hau zuen gustukoa izatea espero dugu.
www.ornitho.eus Taldea.
(-ek) bidalia Juan Arizaga
2017-12-21
avinews
OKILEN GARAIA
Neguko solstizioarekin batera, hegazti batzuk haien kumatze lurraldeetan kokatzen dira ugalketa arrakastatsu bat ziurtatzeko. Negua izan arren, haien kolpe eta kantuak entzun daitezke; espezie hauek hautemateko garairik onena da. Horrelakoa da okilen kasua: orain hasten da hauek hautemateko garairik egokiena. Honenbestez, behatzaile guztiei espezie hauetan arreta jartzera eta dagozkien behaketak sartzera animatzen zaituztegu, atlas kodea barne. Modu honetan okilen banaketaren ezagutza sakontzen lagunduko duzu, bai eta Euskadiko hegazti habiagileen atlas on bat sortzen ere.
(-ek) bidalia Juan Arizaga
2017-10-4
tipnews
ORNITHO EUSKADI SARIAN PARTE HARTZERA ANIMATU ETA IRABAZI SWAROVSKI MATERIAL OPTIKOA!
www.ornitho.eus plataforma interneteko atari bat da. Atari honen helburua Euskadiko faunaren behaketak biltzea, zabaltzea eta kontsultatzea da. 2015. urtean ireki zen eta gaur egun, urteko 100.000 behaketa baino gehiagoko erregistroarekin, www.ornitho.eus bere alorrean lurraldean erabilgarri dagoen erreferentziazko ataria da.
Atari honek aukera asko ematen ditu behaketak sartzeko. Horietatik zerrenda osoak dira ondoren kalitate handiagoko azterketak eta ikerketak baimentzen dituztenak. Zerrenda osoak, datu bakar baten aurrean, behatzaileak denbora eta leku jakin batean ikusi eta entzuten dituen espezie guztiak idaztean datza.
Ornitho Euskadi I. Lehiaketak Euskadin zerrenda osoak sartzea bultzatu nahi du. Horrela, bi helburu betetzen ditu: (1) kalitatezko herritarren zientzia sustatzea, zientzia eta kontserbazioaren ikuspegitik erabilgarritasun eta balio handiagoa duten datuen bilketa sustatuz; (2) behatzaileei euren ekarpena aitortzea, behaketa ahaleginerako zozketa sistema haztatu bat erabiliz.
Oinarriei eta izena emateko moduari buruzko informazio gehiago lortzeko esteka hau kontsultatu.
(-ek) bidalia Juan Arizaga
2017-09-20
avinews
GIPUZKOAN SAI ARREA MARKATZEKO PROGRAMA LANKIDETZA ESKAERA
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Hazi Fundazioak programa bat abian jarri dute Gipuzkoan sai arreak markatzeko, haien heriotza tasak eta zergatiak, kolonien arteko trukeak, populazioak eta migrazio fluxuak ezagutzeko. Pirinioen isurialde bietako erakunde publiko eta pribatuak lankidetzan aritzeko POCTEFA Ecogyp proiektuko programetako bat da. 2017ko ekainetik abuztura bitartean 60 sai markatu dira Gipuzkoan (10 txita eta 50 sai heldu), bizkar eta sabelaldean irakurketa zerrenda patagialak jarriz, eta eraztun metaliko ofizialekin eta urrutiko irakurketako PVCzko eraztunekin.
Orain erabat garrantzitsua da hegazti horien ahalik eta kontrol eta begiztatze gehien biltzea. Mesedez, Gipuzkoan edo ondoko lurraldeetan hegoetan markak dituen sai arrerik ikusten baduzu, ez eduki zalantzarik eta jarri harremanetan gurekin ondoren aipatzen diren posta elektronikoko helbideetako edozeinetara idatziz. Jakinarazteaz gain, infomazioa ornitho.eus gunean grabatu dezakezu. Zure behaketa baliagarria izan dadin, beharrezkoa da markaren kode osoa (3 digitu) eta zehazki zer egunetan eta tokitan ikusi duzun adieraztea. Guk, berriz, ahalik eta lasterren emango dizugu aleari buruz dagoen informazio guztia.
Programaren informazio gehiago, hemen: http://www.hazi.es/es/proyectoshazi/7663-poctefa-ecogyp2.html
(-ek) bidalia Juan Arizaga
2017-09-11
avinews
ORNITHO BERRIAK ALDIZKARIA ABIAN DA
Ornitho Berriak aldizkari digitala atera dugu www.ornitho.eus-eko erabiltzaileak plataformarekin lotutako albiste eta berriez informatuta egon daitezen. Sei hilabetez behin argitaratuko da eta plataformaren web orriaren bidez eskuragarri egongo da (www.ornitho.eus menuan Ornitho Berriak atalean).
Zuen gustokoa izango delakoan, jaso ezazu agur bero bat,
www.ornitho.eus-eko taldea
(-ek) bidalia Juan Arizaga
2017-06-8
tipnews
ZORIONAK WWW.ORNITHO.CAT
www.ornitho.cat atariak “Premi Medi Ambient, 2017” saria jaso du, "Ingurumenaren babes eta hobekuntzarako ekimenak" kategoriaren barruan. Kataluniako Gobernuak eman dio, Bartzelonan ekainaren 6an Ingurumenaren Egunarekin batera egindako ekitaldi batean. Saria 1993an ezarri zen, bai pertsonek eta bai erakundeek ingurumenaren alde eginiko ekimen nabarmenak aintzat hartzeko helburuarekin. Aurtengo ekitaldiak herritarren zientzia lantzen duten proiektuak saritu nahi izan ditu, gizartean, ingurumenean eta zientzian eragina izan dutenak. Hau www.ornitho.cat atariak jasotzen duen bigarren aitorpena da, izan ere 2015ean Kataluniako Herritarren Zientziaren Lehenengo Saria eman zioten. Zorionak!